Leiho berri batean UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetza
EUSKARA EHUN: ADMINISTRAZIOA

ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN ARTEAN EUSKARAREN ERABILERA AREAGOTZEKO PLANA


Azken 20 urteotan euskararen ezagutzan aurrerapauso handiak eman ditugu, eta egun, gazte gehienak euskaraz eskolatuak dira, batik bat EAEn. Ezagutzan emandako jauziak, ordea, ez du euskararen etorkizuna bermatzen, izan ere, denok dakigun bezala, hizkuntza ezagutzeak ez baitakar zuzenean berau erabiltzea. Gainera, erabilera beti jakite-mailaren azpitik egon ohi da, hizkuntza eskakizuna egiaztatzean, adibidez, askori zail egiten zaie euskara erabiltzea, batez ere, ohitura ezagatik. Horrexegatik euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoak ugalduz doaz azken urteotan, esparru euskaldunak zabalduz joan daitezen.

 

Lan-munduan, zehazki, 12 urte badira lehen esperientzia pilotua abiatu zenetik (ELAY S.A, Antzuolan) eta ordutik 70etik gora izan dira euskara-planetan murgildu diren enpresa pribatuak. Administrazioak ere ahalegin handia egin du, bai udaletan bai bestelako administrazio egituretan. UPV-EHUk ere horretan dihardu eta UPV/EHUko Euskararen Erabileraren Normalizaziorako II. Plangintzak, Administrazio eta Zerbitzuetako Alorrari dagozkion Helburuen atalean (6. atala, 182 orrialdea), honakoa jasotzen du: "Atal Elebidun izendatuko diren administrazio-ataletan erabilera-planak abian jartzea II. Plangintzaren helburu nagusietariko bat izan behar du".

 

BAINA, ZER DA ERABILERA-PLANA EDO EUSKARA-PLANA?

 

Euskararen erabilera plana azaltzen duen eskema

 

Erabilera-plana edo euskara-plana erakundeak dituen ezaugarri eta premietara egokitutako prozesu planifikatua da, eta beronen helburua euskararen erabilera areagotzeko ekintzak planifikatzea eta bultzatzea da. Planaren bukaeran, euskararen erabilera handiagoa izango du erakunde horrek, bai barne-harremanetan, bai kanpo-harremanetan.

 

Prozesua arrakastatsua izan dadin ezinbestekoa da lankideen parte-hartzea. Hori dela eta, euskaldunez eta euskara ikasten ari diren langileez osaturiko taldeak jartzen ditugu martxan euskara erabiltzeko tresnak eta erremintak eskura ditzaten, eta taldekide horien inguruan euskara gehiago erabiltzeko ekintzak bultzatzeko.

Erabilera-taldeen bidez, ingurura begiratu eta euskararen egoera eta erabilera hobetzeko proposamen zehatzak egiten ditugu: lankideei tresnak eman, ausartzen ez direnei lagundu...

 

ERABILERA-TALDEETAKO METODOLOGIA

 

Euskararen erabilera planaren metodologia azaltzen duen eskema

 

Lan-taldeak ELHUYAR Aholkularitzako euskara-teknikariek  eta UPV/EHUko Hizkuntza plangintzarako teknikariak gidatzen dituzte, bi zutabe hauetan oinarrituta:

  • ADOSTASUNA lortzeko bideak lantzen dituzte. Hau da, gauzatuko diren ekintzetan ados jarri beharko dute taldeek eta administrazio-atalek, ekintzak aurrera eramateko ezinbestekoa izango da guztiak ados egotea, bestela ezin izango baitugu behar adinako inplikaziorik lortu.
  • PARTE-HARTZEA sustatzeko teknikak erabiltzen dituzte. Taldekideak dira aldaketaren protagonista nagusiak: bileretan parte hartuz, beraien eguneroko lanari begiratu eta hobetzeko puntuak identifikatuz, aldaketa horiek bideratzeko ekintzak gauzatuz... Izan ere, inposatutako ekintzak baino, norberak beharrezko dituen ekintzak edo aldaketak sustatu nahi ditugu.

Horrela, adostasunaren bidez eta langileen parte-hartzea sustatuz, taldekideen EKARPEN MAILA handiagoa izango da eta unibertsitate osora zabaltzeko moduko ekintzak sor daitezke, langile guztien mesederako.

 

Euskara eskola batean dagoen langile talde baten argazkia

 

NOLA BIDERATU DA UPV/EHUn ERABILERA-PLANA?

 

Euskararen Erabileraren Normalizaziorako II. Plangintza aintzat hartuta, Euskara Errektoreordeak elebidun izendatuta zeuden 19 administrazio-atal aztertu eta erabilera-planetarako proposamena lantzeko eskaera egin zion ELHUYAR Aholkularitzari 1999ko azaroan.

 

Azterketa horretatik 17 atal aukeratu ziren eta erabilera-planerako proposamena bertako ordezkariekin batera landu genuen.

 

2002ko apirilean plan horren berri eman genuen eta parte hartzeko deia egin. Hortik bost erabilera?talde hasi ziren lanean:

  • IDAZKARITZAK (Bizkaia): Irakasleen Unibertsitate Eskola eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea.
  • IDAZKARITZAK (Gipuzkoa): Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Enpresa Ikasketetako Unibertsitate Eskola eta Industria Ingeniaritza Teknikoko Unib. Eskola.
  • ATEZAINAK (Gipuzkoa): Erizaintzako Unibertsitate Eskola eta Campuseko atezainak.
  • ZERBITZU OROKORRAK (Leioa): Leioako Akademia Kudeaketa eta Titulu arruntak.
  • ZERBITZU OROKORRAK (Gipuzkoa): Gipuzkoako Gerenteordetza eta Errektoreordetza, eta Akademia kudeaketa.

2003ko urrian, UPV/EHUko erabilera plana aurrera eramateko ideiarekin, aurkezpenak egin genituen atal elebidunetan erabilera-talde berriak sortzeko asmoarekin. Aurkezpen horietatik, talde berri batzuk sortu eta beste batzuk mantendu dira eta honela geratu dira:

  • IDAZKARITZAK (Bizkaia): Irakasleen Unibertsitate Eskola eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei, Meatze eta Herri-lan Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate eskolakoak gehitu zaizkie.
  • IDAZKARITZAK (Gipuzkoa): Enpresa Ikasketetako Unibertsitate Eskola eta Industria Ingeniaritza Teknikoko Unib. Eskolakoak jarraitu dute baina kide berriak etorri dira.
  • INFORMATIKA FAKULTATEA (Idazkaritza eta zuzendaritza): bertako AZPko langileekin lan-talde berezia egin dugu.
  • ATEZAINAK (Gipuzkoa): Erizaintzako Unibertsitate Eskolako atezainak.
  • ZERBITZU OROKORRAK (Leioa): Leioako Akademia Kudeaketa eta Titulu arruntak.

Erabilera-taldeen helburua:

Lan-eginkizunak aztertu eta gero, euskaraz lan egiteko zailtasunak identifikatzea eta prestakuntza eta lan-estrategien bidez arazo edo oztopo horiek konpontzea edo konponbideak proposatzea. Beraz, bi arlo landuko ditugu lan?taldeetan: batetik, unibertsitatean euskaraz lan egiteko dauden arazoak aztertu eta konponbideak bilatzea; bestetik, euskara lan-hizkuntza izan dadin taldekideak trebatzea.

 

Erabilera-taldeen funtzionamendua:

Hamabostean behin biltzen dira lan-taldeak, bi orduko saioetan. Egun, 29 lagun dabiltza taldeetan eta era guztietako ekintzak landu ditugu:

  • Esaldi eginak lantzea: lanean erabiltzen ditugun esaldi-ereduak bildu eta horiek landu.
  • Hasiera-agurra euskaraz egitea: telefonoa euskaraz erabiltzeko laguntza-orria eta pegatina banatu ataleko euskaldunen artean eta erabilera-taldeetako kideen artean.
  • Ohar-tauletan euskara bermatzea: idazkaritza barruko ohar-taulan euskararen presentzia bermatzeko.
  • Hiztegitxoa: Eguneroko lanean euskara gehiago erabiltzeko, normalean gaztelaniaz erabiltzen ditugun hitzen zerrendak.
  • Postaria: Egunero taldekide batek euskaraz edozein gairi buruzko mezua bidaltzen die beste kideei. Taldekideen arteko ohiturak aldatzeko eta euskaraz ere komunikatzea badagoela erakusteko.
  • Konpromisoak: Taldekideek euren ingurura begiratu eta euskara aldetik zer hobetzea daukagun aztertu, mintzagrama baten islatuz benetako egoera; horren arabera, hobetzeko konpromiso batzuk hartu.
  • Terminologia: terminologia bateratu bat aldarrikatu eta horretarako ekintzak bideratu.
  • Harpidetzak: euskararekin zerikusia dauzkaten eta euskaraz diren aldizkarietara harpidetzak egitea, euskaraz gehiago irakur dezaten.

Bestalde, eguneroko lana egiteko beharrezko dugun trebakuntza ere jasotzen dugu: data eta ordua nola idatzi, agurrak, ebazpenak, mezuak, Interneteko baliabideak, Xuxen zelan erabili,...
Horretaz gain, AZPidazki tresna erabili, agertzen diren arau eta ereduak lantzeko.