
Euskararen presentziak Euskal Herriko Unibertsitatean garai eta ezaugarri desberdinak eduki ditu. Horietan lehena, EHU bera sortu aurrekoa dugu, 1968. urtean eratutako Bilboko Unibertsitatean eta Valladolideko Unibertsitatearen menpe zeuden Gipuzkoako Fakultateetan eta Arabako Colegio Universitario Alavés-en. Euskara unibertsitatean ikusi nahi zutenek ez zuten eremu erraza aurrean. Horretarako bide desberdinak jorratu zituzten hurrengo urteetan. Lehena, euskara zientzia-hizkuntza bilakatzea izan zen. Lan hori, euskararen normalizazioarekin batera egin zen. Eginkizun horretan oso garrantzitsuak izan ziren hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasiera aldera unibertsitate desberdinetako ikasleak eta zenbait irakasleek, Euskal Herrian eta bertatik kanpo, sortutako Euskal Kultur Talde eta Mintegiak (EKT eta EKM). Erakunde hauek funtzio desberdinak bete zituzten: Euskararen irakaskuntza, euskal kulturaren zabalkundea eta bere kokapena unibertsitate arloan eta euskararen egokitzapena hizkuntza zientifiko moduan. Kasu gehienetan 1976tik aurrera legezkoak ziren unibertsitate arloan eta zenbait laguntza jasotzen zituzten bertatik, euskarazko klaseak emateko, besteak beste. Bilboko unibertsitatearen kasuan Leioako Zientzia Fakultateko Euskal Kultur Taldea (Z-KET), izan zen garrantzitsuena. 1974-75 ikasturtean sortu zen eta bere lehen lana euskara irakastea izan zen. Ez zen hori, ordea, talde honen jarduerarik nabarmenena. Izan ere, 1975/76 ikasturtean Zientzia Mintegia sortu zuten, euskara teknikoak zientzi gaiak erabiltzeko zituen eragozpenak eta bideak aztertzeko. Z-KET izan zen, 1973an Ipar Euskal Herrian sortutako Udako Euskal Unibertsitatearen bultzatzaileetako bat. Erakunde hau dugu euskara unibertsitatean sartzearen aintzindaria.
Euskararen mundua Letren arloarekin lotu izan baldin bada, Zientzia eta Teknikak izan ziren Unibertsitatean sartu zutena. Euskaraz idatzitako lehen tesina, Jazinto Iturbe kimikariarena, 1974an aurkeztu zen Zientzia Fakultatean. Bi urte beranduago, 1976ko urtarrilaren 12an, Rikardo Arrue sendagileak tesia irakurri zuen Medikuntza Fakultatean. Donostiako Kimika Fakultateko Luis Mari Bandres eta Antxon Santamaria izan ziren 1976/77eko ikasturtean euskaraz lehen klase ofizialak eman zituztenak. 1977ko udazkenean EHU sortu ondoren, hurrengo ikasturtean Leioako Zientzia Fakultateko irakasle talde bat (Jazinto Iturbe, Jose Ramon Etxebarria, Itziar Urretxa, Jesus Mari Txurruka, Maribel Arriortua, Jesus Mari Arregi, Mari Jose Zarate eta Iñaki Garcia Gurtubai) bide beretik abiatu zen eta 1979/80eko ikasturtean posible zen Biologiako Lehen Maila euskaraz ikastea. Kasu bietan, artean unibertsitateko irakasle ziren hainbat lagunen borondatea izan zen ekintza horren ardatza, baita ikasle euskaldunen eskaria ikasgeletan. Bi elementu hauek funtsezkoak izan ziren 1985. urtera arte, hots, EHUko Estatutuak onartu eta indarrean jarri ziren bitartean.
Gipuzkoako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea izan zen Letren arloan euskalduntzea lehenik bizi izan zuen gune garrantzitsuena. Araban, 1977ko udazkenean eratu zen Euskarazko Katedra Colegio Universitario Alavés-en, bertako diputazioaren laguntzarekin. Koldo Mitxelena izan zen burua eta Henrike Knörr laguntzailea. Garaiko beste gune garrantzitsua Irakasle-eskolek osatu zuten. Hauetan euskararen ezarrera 1981ean hasi zen, berau irakasgai gisa hartuz hasieran, nahiz eta Donostiako eta Bilboko Eskolen kasuan posible zen 1982tik aurrera karreraren ikasgai gehienak euskaraz jasotzea.
Unibertsitatean iritzi ugari egon zen euskarak zein toki izan behar zuen bertan erabakitzeko orduan. Hiru ziren jarrera nagusiak: 1) euskara unibertsitateko-irakaskuntza bizitzatik aparte mantentzearen aldekoak; 2) euskararen presentzia onuragarria ez ezik, ezinbestekoa ikusten zutenak unibertsitateari "Euskal" abizena eransteko orduan eta 3) elebitasunaren eta gradualismoaren aldekoa. Hirugarren jarrera, nagusi izango zena, Koldo Mitxelenak ordezkatu zuen. Bere ustez, euskara unibertsitatean sartzea ez zen une horretako lehentasuna, irakasle euskaldunak oinarrizko heziketan behar ziren. "Euskal Herriko Unibertsitateetan, (…) ikas- eta irakas-gai daiteke euskara: hala behar luke izan aurren-aurrenetik, hobeki esan. Ezin izan daiteke, ordea, oraingoz, ikas- eta irakas-bide nagusi". Bai, "zenbait gaitan".
Gregorio Monrealek errektoretza hartu ondoren (1981) zenbait tokitan euskara irakasteko klaseak indartu edota martxan jarri ziren eta, Zientzia Fakultateko irakasleen aholkuaren ondorioz, Euskara Zientifikoa irakatsi zen arestian aipatu ditugun fakultateetan. Monreal errektorearen garaian sortu zen Euskara Kabinetea (1981). Bere lana unibertsitateko testuak eta errotuloak euskaratzera eta ikasle, langile, zein irakasleentzako euskara ikasteko klaseak prestatzera bideratu zen. Irakasle berriak kontratatzeko orduan, euskara ez zen beharrezkoa, nahiz eta meritu bezala kontuan hartu. Garai berekoa dugu Euskara Batzordea (1983), une hartan garrantzi berezia izan zuena Unibertsitatearen Estatutuetan euskararen tokia eztabaidatzeko orduan.
1981 eta 1985 bitartean EHUko eztabaida garrantzitsuena unibertsitatearen estatutuena izan zen. Araudi hori, euskarari dagokionez, EAEko Autonomia-Estatutuak (1979) ezarritako elebitasunean eta Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak (1982), bere aldetik, ikasleei ikasketak bi hizkuntza ofizialetako batean egiteko onartutako eskubidean oinarritu zen. EHUko araudian xehetasun osoz agertzen dira hizkuntza-eskubideak. Beste unibertsitate batzuen estatutuekin alderatzen baditugu, EHUkoak askoz ere garrantzi handiagoa ematen zieten hizkuntza-eskubideei, besteetan ez baitziren hain nabarmen aipatzen. Are gehiago, EHUko komunitateko kideek hauta dezakete zein hizkuntzatan komunikatuko diren administrazioarekin eta eskubidea dute, "edozein hizkuntza ofizialez irakaskuntza jaso eta eskaintze[ko]". Unibertsitateak ematen ari zen euskarazko irakaskuntza garatu eta horretarako beharrezko zen plangintza eratuko zuen. Euskararen normalkuntzarako organoek, bestetik, irakasle berriak kontratatzeko orduan ezinbesteko parte hartzea izango zuten. Estatutuek jarduera-eremu zabala sortu zuten: Euskara Errektoreordea, Euskara Batzordea, Euskara Institutua eta Euskararen Kabinete Teknikoa, alde batetik eta, ikastetxe bakoitzean, Euskara Batzordea.
Unibertsitateak bizi zuen giro gatazkatsuak eta ikasleen hazkundeak sortarazitako zailtasunek moteldu egin zuten araudien garapena. Errektorea eta, ondorioz, Euskara Errektoreordea aukeratzeko zailtasunak dira giro horretako adibidea. Emilio Barberá izan zen errektorea 1986 eta 1991 bitartean. Euskararako lehen errektoreordea Jazinto Iturbe izan zen eta bere ondoren Andoni Iriondo izendatu zuten. Biak Emilio Barberárekin. Arazoak arazo, araudiari esker euskarak bazuen babes berria unibertsitatean eta ordura arte irakaskuntzaren euskalduntzea hasi gabe zuten fakultate eta eskola askok bide horri ekin zioten. 1988an irakasleen %14, langileen %4 eta ikasleen %13 zen euskalduna, nahiz eta denek ez egin euskaraz lan. 3.350 ziren, gutxi gorabehera, euskaraz ikasten zutenak, euskaldunen erdia eta ikasle guztien ia %8. Urtebete beranduago, 1989an, argitaratu ziren Ekaia, Zientzia eta Teknologia oinarri zituen euskarazko aldizkariaren lehen bi aleak eta Tantak Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza aldizkaria.
Araudiaz gain, ikasleen eskaria izan zen urte hauetako euskalduntzearen bultzatzaile nagusia. Bere heziketa-prozesua euskaraz burutzen ari ziren ikasleek, neurri handian, unibertsitatera heltzean hizkuntza horretan jarraitu nahi zuten ikasten. 1995ean heldu zen unibertsitatera heziketa osoa euskaraz izan zuen eskola publikoetako ikasleen lehen belaunaldia. 1997an ikasleen %31k Unibertsitatean sartzeko Hautaproba euskaraz burutu zuten.
Euskarazko irakaskuntzaren hazkunde hau, aurrez emandako datuez gain, euskararen erabileraren normalizaziorako plangintzen ondorioa dugu. Lehena 1990ko irailean onartu zen. Planak bost urtetan zehar garatzeko bost eredu desberdin planteatu zituen: A ereduan titulazio osoa euskaraz eskainiko zen; B1ean, lehen ziklo osoa euskaraz eta bigarren zikloko derrigorrezko ikasgaiak; B2an, Unibertsitate eskoletan lehen kurtso osoa eta ondorengo derrigorrezko ikasgaiak euskaraz; Cn, Fakultateko lehen ziklo guztia euskaraz eta Dn, Fakultate eta Unibertsitate Eskoletan lehen kurtsoko irakasgai guztiak euskaraz. Plangintzaren azken helburua epe erdira irakasgai guztiak euskaraz ematea zen. Hurrengo plangintzak (1999) zehaztasun handiagoz planteatu zuen euskalduntze-prozesua.
Juan José Goiriena (1991-1995) eta Pello Salaburu (1995-2000) errektoreen garaian (euskara errektoreordeak Pello Salaburu bera, Miren Azkarate eta Juan Ignacio Pérez Iglesias izan ziren) euskalduntze prozesua areagotu egin zen, nahiz eta abiadura irregularra izan jakintza-arloen arabera. 1994/95 ikasturtean EHUk 3.540 ikasgai eskaini zituen, horietatik 1.743 (%49) gaztelaniaz eta euskaraz eman ziren eta 1.797 (% 51) gaztelaniaz bakarrik. 1993/94 urtean Lehen Mailetako ikasleen %17,3k aukeratu zuten euskal lerroa, 1997/98an % 21,5ek. Irakasle-kopuruak, norabide berean, aldaketa nabarmena izan zuen: 1988/90ean EHUko irakasle euskaldunak 370 ziren, 586 1993/94an eta 764 1997/98 ikasturtean
Euskal Herriko Unibertsitatea izan da, euskalduntzeak aurrera gehien eta arinen egin duen unibertsitatea azken hogeita hamar urte hauetan.
Mikel AIZPURU
Gaur Egungo Historia Saileko irakaslea