Leiho berri batean UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetza

EUSKARA ZERBITZUA

ZER DA EUSKARA ZERBITZUA?

Euskal Herriko Unibertsitatean euskararen erabilera zaindua bultzatzeko lan egiten duen hizkuntza-zerbitzua da Euskara Zerbitzua, euskararen normalizazioaren ahalegin zabalagoaren atal funtsezko bat, hain zuzen. Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetzaren mende dago, eta zenbait alor biltzen ditu bere baitan, betiere EHUn erabiltzen den euskararen kalitatea hobetzeko asmoarekin.

EHUko beste organo eta maila batzuetan elebitasunaz eta normalizazioaz arduratzen dira, baina hedapenaren edo kantitatearen ikuspegitik batik bat. Euskara Zerbitzuan euskararen normalizazioaz ere arduratzen gara, baina batez ere hizkuntzaren erabilera zuzen eta egokiaz.

ZEIN DIRA EUSKARA ZERBITZUAREN EGINKIZUNAK?

Honako hauek dira Zerbitzuaren eginkizun nagusiak:

  1. Administrazio-agiriak eta bestelako idatziak itzultzea, eta ekitaldi ofizial batzuetan interprete-lana egitea.

  2. Administrazioaren eta zerbitzuen euskalduntze prozesua bideratzea, erabilera-planak bultzatuz eta askapenak kudeatuz.

  3. Hizkuntza-prestakuntza: euskarazko hobekuntza-ikastaroak antolatzea eta ematea.

  4. Unibertsitateko testugintza normalizatzeko lan egitea (batez ere, testugintzaren inguruko lerro estrategikoak gauzatzen laguntzea eta testuetako euskararen kalitatea zaintzea).

  5. Hizkuntza-aholkularitza ("Ehulku": www.ehu.es/ehulku)

  6. Unibertsitateko hiztegigintza eta terminologia normalizatzeko lan egitea.

  7. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko probak antolatzea.

  8. Irakaskuntzan zein administrazioan euskaraz lan egitea errazteko tresnak eta zerbitzuak eskaintzea (testuak orrazteko eta zuzentzeko zerbitzuak, Internet bidezko kontsultaguneak…).

Azken eguneratzea: 2012/03/08