
Zerbitzu hau Unibertsitateko gobernuaren eta administrazioaren esparruko agiriak itzultzeko baino ez da. Hortaz, ez da zerbitzu hauetara jo behar irakaskuntzarako testuak zein Unibertsitatearen administrazio eta gobernuaren esparruz kanpoko beste edozein testu itzularazteko.
Itzulpenak eskatzerakoan, hurrengo arauak hartu behar dira kontuan:
Itzultzeko testuak (gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara) posta elektronikoaz bidaliko dira.
"Gaia" eremuan TRADUCCIÓN idatzi, eta jarraian itzulpena enkargatzen duen zerbitzu, atal, ikastegi edo saila jarriko da.
Mezu elektronikoaren testuan azalduko da zein testu mota den (ibiltorria, gutuna, akta, erabakia...), testuaren luzera hitzetan, erabili den aplikazioa eta honen bertsioa, eta behar diren oharrak.
Itzultzeko testua, oso laburra ez bada (100 hitz baino gutxiago), eranskinean bidaliko da.
Itzulpen lana eraginkorragoa izateko eta unibertsitateko hizkera administratibo bereziaren homogeneotasuna ziurtatze aldera, Euskara Zerbitzua itzulpen memoria bat (datu base erraldoi bat) osatzen ari da eguneroko jardunean itzultzen dituen testuekin. Hori dela eta, Zerbitzutik ateratako itzulpenei gerora beste inork aldaketak egiteak kontraesanak sor ditzake zeregin horretan, eta traba izan unibertsitateko testuen koherentzia eta batasunerako. Beraz, itzulpenak eskatu dituzten pertsonek arrazoiren bategatik aldaketarik proposatu gura balute Zerbitzuak emandako itzulpenetan (terminologia, estiloa etab.), arren eskatzen dugu aldez aurretik Zerbitzuko itzultzaileekin harremanetan jartzeko, adostu beharrekoak adosteko eta itzultzaileak jakitun egoteko.
Ondoko edozein helbidetara bidaliko dira: itzulpenak@ehu.es, traducciones@ehu.es