
NOLAKO EGITURA DU ZERBITZUAK?
Euskara Zerbitzu berrituan, administratzaile bat (Maite Atxikallende) eta bi azpitalde aritzen dira lanean, Jesus Mari Makazagaren zuzendaritzapean.
Alde batetik, administrazioaren eta zerbitzuen arloa dugu. Arlo horretan, batez ere administrazio-agiriak itzultzen eta interprete-lana egiten aritzen diren itzultzaileak ditugu (Itziar Bernaola, Ana Isabel Morales, Agustin Otxoa Eribeko, Iñaki Aldako eta Irune Payros), Juan Iturbe dutela koordinatzaile.
Beste alde batetik, arlo "akademikoaz" (testugintzaz, aholkularitzaz, hizkuntza-hobekuntzaz eta hiztegigintzaz) arduratzen den azpitaldea dugu (Juan Garzia, Jose Luis Ormaetxea, Juan Kruz Igerabide, Ibon Sarasola, Itziar Laka, Kenari Gomez, Iñigo Roque eta Julio Garciak osatua).
Arrazoizko epe baten barruan, arlo bateko nahiz besteko testuetan hizkuntza-irizpideak argituz eta bateratuz joan beharko da, zerbitzuak halako batasun bat izan dezan.
Beraz, tamainaz organo edo egitura txikia da Euskara Zerbitzu berritua, baina aldi berean eraginkorra eta egonkorra ere bada: EHUn urtero-urtero sortzen diren behar batzuei erantzun behar die Zerbitzuak. Are gehiago, txikia izanik ere, esan daiteke Zerbitzua EHUko beste indar eta proiektu askoren bilgunea edo ardatza ere badela: haren inguruan, eta zenbaitetan haren eraginez, hainbat irakasle, mintegi eta egitasmo sortu dira (Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegia, Ehulku aholku-zerbitzuko kudeatzaileak, terminologia-proiektuak…).