Leiho berri batean UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetza
EUSKARA ERREKTOREORDETZAREN HIZKUNTZA POLITIKAREN HELBURU NAGUSIAK UPV/EHUKO IRAKATS-ESKAINTZAREN ATALEAN

Ludger Mees
Euskara errektoreordea

 
1. Sarrera

 

Txosten hau idazten ari garen une honetan, 2005eko udaberrian hain zuzen, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) -beste unibertsitate ugari bezalaxe- egoera berezian aurkitzen da. Izan ere, Bolognako Adierazpenak bere garaian martxan jarri zuen eta Europako Unibertsitate Eremua ezarriko duen prozesuan murgilduta baikaude. Prozesu honek unibertsitate guztietan aldaketa sakonak ekarriko ditu, eta, besteak beste, titulazioen mapa ere goitik behera aldatuko du. Prozesu honek 2010. urterako amaituta behar du izan. Bitartean gelditzen den bosturteko horretan, Bolognak ezartzen dituen ikasketetarako metodologia berriak prestatzeaz gain, titulazioen mapa berria ere definituko da. Europako gainontzeko unibertsitate guztietan bezala, ikasketa guztiak bi multzotan banaturik geldituko dira. Alde batetik, graduko tituluak eskainiko dituzten oinarrizko ikasketak, eta, bestetik, espezialitateak landuko dituzten graduondoko ikasketak.

 

Beraz, trantsizio garai batean bizi garela esan genezake. Azken urteotan ezagutu dugun egoerak oraindik egungo errealitatea markatzen badu ere, hemendik gutxira desagertuko da eta berri bat sortuko. Halere, oraindik egoera berri horren ezaugarri eta xehetasun guztiak ez ditugu ezagutzen, nahiz eta ildo nagusiak ezagunak izan aspaldi. Begi-bistakoa da horrelako egoera batean ezinezkoa dela euskararen normalizazioa bultzatuko duen irakats-plangintza oso zehatza diseinatzea. Halere, bestea bezain begi-bistakoa ere bada, besoak gurutzaturik gelditzea panorama berria zehaztu arte, denbora alperrik galtzea litzatekeela, horrek normalizazioaren prozesuan atzerakada kaltegarria suposatuko lukeelarik. Beraz, normalizazioaren prozesua bultzatzen jarraitzea eta ez geldiaraztea ezinbesteko helburutzat jo behar da, nahiz eta trantsizio egoera honetan ditugun galdera, zalantzak eta hanka sartzeko aukerak dezente handiagoak izan, ditugun erantzunak, ziurtasunak eta asmatzeko aukerak baino.

 

Horrek guztiak ondorio garbi batera garamatza: diseinatu behar ditugun helburuek eta estrategiek malgutasun puntu bat eduki behar dutela, bi eszenatoki desberdinetan eragin behar baitute. Izan ere, alde batetik, halabeharrez egungo egoera hartu behar dute abiapuntutzat, euskaraz egiten den irakats-eskaintzan dauden hutsuneak eta gabeziak identifikatzeko eta konpontzeko. Bestetik, hori guztia egin behar da Bolognak markatuko duen eszenatoki berria aintzat hartuz eta eszenatoki berri hori ahalik eta egokien eraiki dadin baldintzak jarriz. Honek esan nahi du, Bolognak ezarriko duen titulazio mapa berria gure Unibertsitatean zehatz-mehatz nola geldituko den jakin gabe, etorriko zaigun eredu europar berri honen barruan euskaraz egingo diren ikasketei dagokienez zer-nolako helburuak formula ditzakegun zehaztea oso zaila dela .

 

Lehen esandakoaren arabera, unibertsitate esparru europar komun horretan, titulazioak, oro har, bi multzotan banatuko dira: gradu eta graduondoko ikasketak eskainiko baitira. Hiru edo lau urteko graduko ikasketek oinarrizko prestakuntza eskainiko dute eta, aurreikus daitekeen bezala, ikasleak, neurri handi batean, bertakoak izango dira eta bertako edo inguruko lan merkatura joango dira ikasketak amaitu ondoren. Guztiz nabaria da, beraz, bai ikasketek zein ikasleriak euskal gizartearekin duten lotura. Hori horrela izanik, eta bai gizartearen alorrean nahiz unibertsitate mailan Euskadin dugun elebitasunaren helburua aintzat hartuz, UPV/EHUko epe luzerako hizkuntza politikak markatu beharko lukeen ezinbesteko helburua graduko ikasketa guztiak osorik bi hizkuntzetan eskaintzea dela iruditzen zaigu. Graduondoko ikasketen alorrean, berriz, gauzak aldatu egingo dira nabarmenki, eta hori batez ere bi arrazoiengatik. Alde batetik, Europako beste unibertsitateetan bezala, gurean ere ingelesa hirugarren hizkuntza bezala gero eta gehiago sartuko da. Bestetik, eta honekin lotuta, ikasketa hauek prestakuntza berezia eta espezializatua eskainiko dutenez, aurreikus daiteke kanpotik etorriko den ikasle-kopurua, zenbait kasutan behintzat, altu samarra izatea. Horren guztiaren ondorioz, graduondoko ikasketen esparru honetan ezinbestekoa izango da titulazio guztien banakako azterketak egitea eta ondoren erabakitzea zeintzuk eskainiko diren zein hizkuntzatan. Zer esanik ez dago, maila honetan ere euskararen presentzia duin eta parekatu bati ezin diogula inolaz ere uko egin. Kasuan kasuko azterketa honetan, graduko titulazioetan erabili dugun irizpide berbera erabiliko genuke, alegia, ikasleria neurri handi batean bertakoa denean, nagusiki bertako lan-merkatua irtenbidetzat daukanean edo titulazioak berak euskal gizartearekiko lotura eta interes berezia dituenean, graduondoko titulu hori ere euskaraz eskaini beharko litzateke.

 

Bolognako prozesuak definituko duen egoera berriaren inguruko azalpenok egin ondoren, itzul gaitezen egungo egoerara, egoera hori dagoeneko eragiten duten eta eragingo duten bi aldagai garrantzitsu aipatzeko. Izan ere, UPV/EHUn euskararen normalizazioaren alde egingo den edozein plangintzak azken urteotan gero eta nabariago ageri diren bi fenomeno hartu behar ditu kontuan. Alde batetik, beraien ikasketak euskaraz burutu nahi dituzten ikasleen kopurua etengabe gorantz joan da.

 

EHUko ikasleen hizkuntza hautaketari buruzko grafikoa

EHUko euskarazko ikasleen garapenari buruzko grafikoa


Hautaproben datuak aintzat hartzen baditugu, eta azken urteotako joeraren bilakaera nabarmenki aldatzen ez bada, hemendik urte gutxira UPV/EHUn euskaraz ikasten ariko diren ikasleen kopurua %50 baino handiagoa izango dela aurreikus daiteke.

 

Hautaprobak euskaraz egiten duen ikaslegoaren ehunekoari buruzko grafikoa (1994-2004)

 

Bestetik, igotzen ari den eskaera horri aurre egin ahal izateko UPV/EHUk dituen baliabideak ez dira neurri berean handitu. Zentzu honetan, bereziki aipatu beharreko datu esanguratsua irakasleen hizkuntza-perfila da. Izan ere, nahiz eta azken urteotan ahalegin handiak egin eta irakasle elebidun berri dezente kontratatu, oraindik oso desoreka handia dago: egun, gure irakasle elebidunen ehunekoa %30 ingurukoa baino ez da. Hori dela eta, begi-bistakoa da, gainontzeko xehetasunetan sartu gabe, desoreka estruktural hori gutxitzen joateak izan behar duela edozein normalizazio-plangintzaren helburu nagusietariko bat, UPV/EHUk etorkizunean ere unibertsitate publikoa izaten jarraituko duelako eta, beraz, gizartearen partetik etorriko den eskaria ase behar duelako.

 

UPV/EHUn euskarazko irakaslegoaren garapenari buruzko grafikoa

 

Aurreko gogoeta eta pentsamendu estrategikoak oinarritzat hartuz, ondorengo bost helburu nagusi defini daitezke datozen urteetan euskaraz egingo den irakats-eskaintzari dagokionez:

 

a. UPV/EHUko irakasleriaren baitan dagoen egungo desoreka linguistikoa gutxitzea. Ez litzateke utopia hutsa izan beharko pentsatzea erretiroen eta kontratazio berrien bidez 2010. urterako irakasle elebakar eta elebidunen arteko desoreka dezente murritzagoa izango dela, are gehiago, erretiratuko diren irakasle ia guztiak elebakarrak direla eta, kontratazio berri gehienak elebidunak izango direla kontuan hartzen badugu.

 

I. Taula: Halabeharrezko Erretiroak EHUn

 2005

 16

 2006

 15

 2007

 17

 2008

 22

 2009

 25

 2010

 33

 Guztira

 128

 

 

 Horrek oinarri sendo bat emango lioke Unibertsitateari gizartearen partetik datorkion eskariari larritasunik gabe behar den bezala aurre egiteko, hots, ikasleei berek aukeratu duten hizkuntzan prestakuntza eskaintzeko.

 

b. Euskaraz eskaintzen diren ikasketak osatzen joatea, enborreko eta nahitaezko irakasgai guztiak euskaraz eskaini arte. Bigarren helburu hau guztiz lotuta dago Bolognako berrikuntza prozesuarekin. Gogora dezagun, Europako Unibertsitate Esparrua gauzatzen denerako, graduko ikasketa guztiak euskaraz eskaintzea hartu dugula helburutzat. Graduko ikasketak oinarrizko prestakuntza eskainiko dutenez, logikoa da pentsatzea gaur egun enborreko edo nahitaezko irakasgai gehientsuenak graduko titulaziotara pasatuko direla. Espezialitate batera eramaten duten hautazko irakasgaien lekua, berriz, neurri handi batean graduondoko titulazioak izango dira. Kalkulu hau zuzena baldin bada, gaur egungo enborreko eta nahitaezko irakasgaiak euskalduntzeak Bolognarako dugun helburu nagusi bati bidea ematea suposatuko luke. Jakina, helburu hau lortzeko, gure Unibertsitatearen errealitate anitza eta konplexua kontuan hartzen duen pausuz pausuko politika bat definitu behar da. Ikastegietako arduradunekin batera, esate baterako, aztertu behar da zein titulaziori eman behar zaion lehentasuna euskaraz eskaini gabe dauden enborreko eta nahitaezko irakasgai ugari daudenean; ikasle-kopurua nahikoa ote den irakasgaiak euskaraz emateko, edo Unibertsitateko beste ikastegi batean titulazio jakin bat dagoeneko erabat euskaraz eskaintzen bada, nahiko argudio ote dagoen euskaldundu gabe dagoen hura ere euskaraz ematen hasteko.

 

c. Hautazko irakasgaietan euskararen presentzia egoki bat lortzea, ikasketak euskaraz oso-osorik egiteko eskubidea bermatu arte eta ikasleen balizko kopurua kontuan hartuz. Jakina denez, euskaraz eskaintzen diren hautazko irakasgaien egoera oso anitza da ikastegikako eta titulaziokako azterketa egiten badugu. Zenbait tokitan, Normalizaziorako II. Plangintzak A+ bezala definitutako helburuak (hautazkoak x 2) dagoeneko gaindituta badaude ere, beste zenbaitzuetan euskaraz ematen diren hautazkoen eskaintzak oso mugatua izaten jarraitzen du. Ahal den neurrian gure ikasleek ikasketen hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea bermatu behar izanez gero, zalantzarik ez dago hautazkoen arlo honetan ere aurrerapausoak eman behar direla. Aldi berean esan behar da, hemen zuhurtasun handiz jokatu behar dela Bolognak ekarriko dituen aldaketen ondorioak jakin arte. Hori dela eta, ez dirudi helburu oso ausartak formulatzea oso egokia denik, gauden zalantzazko une honetan behintzat. Halere, zilegi bezain beharrezko iruditzen zaigu euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiei ikasketak euskaraz bukatzeko aukera bermatzea, jakin dakigun arren hautazkoetan ikasketa plangintzek markatzen duten gutxiengo kreditu-kopurua baino eskaintzen ez bada, ikasleak benetako aukera egiteko posibilitaterik ez duela, errealitatean hautazkoak nahitaezko bihurtzen direlako. Ez dago esan beharrik, zeintzuk liratekeen euskaraz eskaini beharreko hautazko irakasgaiak erabakitzerakoan, kasu bakoitzean legokeen balizko ikasle-kopurua ere aintzat hartu behar dela.

 

d. Lan zama eta lan baldintza larriak nozitzen dituzten irakasle elebidunen egoera hobetzea. Ezaguna denez, irakasleriaren baitan dagoen lehen komentatu dugun desoreka linguistikoaren ondorioz, irakasle elebidun askoren lan egoera ez da batere samurra. Gutxi direlako eta handitzen ari den eskari bati aurre egin behar diotelako, irakasle elebidun asko eman beharko luketen kreditu-kopurua baino ordu gehiago ematera behartuta daudelako. Horrezaz gain, sarri askotan irakasgai desberdin ugari prestatu behar izaten dituzte, beraien klaseak ikastegi eta, batzutan, baita Campus desberdinetan ematen dituztelarik. Arazo hauei buruzko estatistika zehatzik oraingoz ez badugu ere, itxura guztien arabera baiezta daiteke gure unibertsitateko irakasleari dagokionez, irakasle multzo esanguratsu baten kasuan, irakasle elebidunak izatea argi eta garbi beraien kalterako dela. Hori egia baldin bada, euskararen normalizazioa bultzatu nahi duen Unibertsitate politika batek ezin dio uko egin arazo horiei konponbide bat bilatzeari. Edo beste modu batean esateko: kasuan kasuko azterketa baten ondoren garbi geldituko balitz sail bateko irakasle talde elebidun bat aipaturiko diskriminazioa nozitzen ari dela, diskriminazio horrekin kontratazio baten bidez bukatzeko aukerari atea zabaldu behar zaio.

 

e. Aurreko puntuetan zehaztu ditugun urratsak ematen badira, bosgarren eta azken helburua lortzeko ere aurrerapauso handiak emango dira: euskal gizartean, euskararen normalizazioaren prozesua dela eta, UPV/EHU ezinbesteko erreferentea eta prozesua bultzatzen duen aitzindaria bihurtzea.

 

2. Euskaraz egiten den irakats-eskaintzaren analisia: 2004/05 ikasturtearen egoera eta beharrizanen diagnostikoa

 

Beste dokumentu osagarri batean dauden grafiko eta tauletan agertzen diren datuek, besteak beste, gaur egun UPV/EHUn euskaraz eskaintzen diren titulazio guztien argazki zehatza osatzen dute.

Euskarazko eskaintzari buruzko datu hauek aztertu ondoren, kolore askotako panoramika agertzen zaigu. Alde batetik, ikasketak euskalduntzeko bidean aurrerapauso handiak eman dituzten eta ikasketak osorik edo ia osorik euskaraz eskaintzen dituzten titulazioak ditugu (Hezkuntza arloko titulazioetan; Gizarte Zientzietan eta Zientzia Juridikoetan). Beste muturrean, berriz, bide horren hasieran dauden edo atzeratu samartuta dabiltzan beste titulazioak daude (Osasunaren Zientziak; Teknologia arloko titulazioak). Bi mutur horien artean, euskalduntze mailari dagokionez hamaika egoera desberdin aurki ditzakegu. Atzerapenak, hutsuneak eta gabeziak begi-bistan gelditzen dira.

 

Hala eta guztiz ere, azterketa honek ez gaitu ondorio sinplista batera eraman behar, euskalduntze prozesua bultzatzeko ditugun baliabide guztiak soil-soilik oso atzeratuta dauden titulazioetan erabiltzeko ondoriora, hain zuzen. Titulazio horietako beharrizanak oso handiak izan arren, ez genituzke beste titulazio eta ikastegietan dauden premiak guztiz baztertu behar. Titulazioak euskalduntzeko ahalegin handia eta arrakastatsua egin duten ikastegiak ez genituzke zigortu beharko normalizazio linguistikoaren prozesuan beraiek planteatzen dituzten hobekuntzei ate guztiak itxiz. Helburuei buruzko atalean ikusi dugun bezala, Euskara Errektoreordetzak markatutako ildo nagusien artean normalizazioaren bidean hobekuntza mota desberdinak planteatzen dira. Beraz, titulazio batean, sail batean edo ikastegi batean antzeman diren arazoak (hautazko gutxi euskaraz; talde handiegiak; irakasle euskaldun gutxi eta lan baldintza kaskarretan, eta abar) goian aipaturiko lehentasunen artean sartzen badira, ahal den neurrian ere irtenbide bat eskaini behar zaie. Horrek esan nahi du Euskara Errektoreordetzak, behin irakats-eskaintzaren politikaren ildo nagusiak eta premiazko lehentasunak definituta, politika hori aurrera eramaterakoan Unibertsitate honek oso berezko duen arazo eta aldarrikapenen aniztasuna kontuan hartu eta errespetatu beharko lukeela, egoera eta beharrizan desberdinen errealitateaz jabetuz eta horietako bakar bat ere baztertu gabe, baldin eta ildo nagusietan jasotako helburu orokorrekin bat badatoz.

Hala eta guztiz ere, jakina da Unibertsitateak euskararen normalizazioaren politikarako dituen baliabideak betiere askoz urriagoak izango direla identifikatutako beharrizanak baino. Horrek eskatzen du baliabideen banaketarako arazoen eta beharrizanen aniztasuna nolabait islatzen duen bide bat aurkitzea, banaketarako irizpideak edonorentzat begi-bistan uzten dituena eta banaketa bera ahalik eta gehien objektibatzen duena. Horretarako, bertan behera gelditu aurretik Euskara Batzordeak egindako azken bileran (2004/02/04) onetsitako proposamena hartu dugu oinarritzat, egokiak iruditu zaizkigun zenbait moldapen eta zuzenketa sartuz. Hona hemen:

 

Unibertsitateko ikastegi guztietan lau aldagai aztertu ditugu. Zehatz-mehatz jakin nahi genuena izan da, alde batetik,

  • ikastegi batean euskaldundu gabeko kreditu-kopurua (nahitaezko irakasgaiak eta ikasketa plangintzak markatzen duten hautazkoen gutxieneko kopurua oinarritzat hartuz);
  • bestetik, euskara hizkuntza bezala aukeratu duen edo aukera lezakeen (balizko) ikasle-kopurua; (1)
  • ikastegietan zenbat ikasle dauden guztira eta, azkenik,
  • irakasleriari dagokionez, zenbatekoa den irakasle elebakarren ehunekoa.

Aldagai hauek aukeratu ditugu gure ustez arazo eta beharrizanen aniztasunaren argazki bat ematen digutelako. Izan ere, ikastegi batek euskaldundu gabeko kreditu asko baditu, irakasle asko beharko ditu eskaintza borobiltzen eta betetzen joateko. Ikasle askok aukeratzen badute euskara irakats-hizkuntza bezala edo aukeraketa hori egin lezaketen balizko ikasle-kopurua handi samarra bada, eskaria ere handia izango da ikastegian. Ikastegi batean ikasleen kopurua handia bada, titulazio bat edo irakasgai berri bat euskaraz eskainiz gero, "bezeroen" kopurua ere handi samarra izango da. Eta azkenik, begi-bistakoa da ikastegi batean irakasle euskaldun gutxi badaude, azken urteotan igotzen ari den euskarazko eskariari aurre egin ahal izateko baldintzak ez direla oso egokiak.

 

Ikastegi guztietan argazki hori egin ondoren, hasieran definitutako helburu nagusietan oinarrituta, aldagaien arteko sailkapen edo "rankina" egin dugu, aldagai bakoitzari balio jakin bat esleituz. Hona hemen:

  • Euskaldundu gabeko kredituak: %35.
  • Ikasleak guztira: %10.
  • Hizkuntza hautaketaren (balizko) ehunekoa: %15.
  • Irakasle elebakarrak: % 40.

Ikusten denez, euskarazko irakats-eskaintza murritza duten eta irakasle elebidun gutxi duten ikastegiei lehentasuna eman diegu, hemen egongo baitira euskaldundu gabeko enborreko eta nahitaezko irakasgai gehienak, eta horiek -gogoratuko denez- euskaraz eskaintzea definitu dugu gure politikaren helburu nagusietariko bat bezala. Bestetik, begi-bistakoa da bai gaur egungo egoeran nahiz Bolognak sortuko duen egoera berrian ere irakasleriaren desoreka linguistikoa gutxitzeko ahalegin berezia egin behar dugula euskararen normalizazioaren bidean lehen definitutako aurrerapausoak eman nahi baldin baditugu.

 

Hala eta guztiz ere, normalizazioaren prozesuan atzeratuta dabiltzan ikastegiei arreta berezia eskaini badiegu ere, beste ikastegien beharrei eta prozesu horretan aurrera joateko borondateari ere ezin diegu uko egin. Euskaraz ikasten duten edo ikas lezaketen ikasleen kopurua kontuan hartuz eta barematuz, ikastegi horien premiak ere neurri batean islatzen saiatu gara. Izan ere, ikasle askok aukeratzen badute euskara irakats-hizkuntza bezala, eskaria ere handia izango da ikastegian. Eta, aldi berean, lehen esan bezala, ikastegi batean ikasleen kopurua handia bada, titulazio bat edo irakasgai berri bat euskaraz eskainiz gero, "bezeroen" kopurua ere handi samarra izango da.

 

Aldagaien garrantzia horrela barematu eta neurtu ondoren, plangintza aurrera eraman ahal izateko falta den informazioa hurrengo urteetan ustez kontratatuko diren irakasle berrien balizko kopuruari buruzkoa da. Kopuru hau definitzerakoan, zehaztu behar dugu bi iturritatik hornitzen direla kontratazio berriak. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu beharreko Kontratu Programa dugu. Bestetik, Unibertsitateak berak erretiroen bidez aurrezten eta euskalduntze politikaren mesedetarako erabili nahi dituen baliabideak aipatu behar ditugu.

 

Ideia bat egiteko zein urruti dagoen oraindik gure helmuga, ondoren zehaztuko dugun azterketa bat egin dugu. Jakin nahi genuena izan da zenbat kontratazio beharko genukeen enborreko eta nahitaezko irakasgai guztiak euskaraz eskaini ahal izateko. Horretarako, alde batetik, zerrendatu egin ditugu gaur egungo ikasketa planetako euskaldundu gabeko nahitaezko irakasgai guztiak. Bestetik, irakasgai horiek eman beharko lituzketen sail guztien egoera ere aztertu dugu, sail horietariko bakoitzak soberakinak dauzkan edo dagozkion irakasgai horiek eskainiz gero kontrataziorik beharko ote lukeen jakin nahian. Ondoren, ateratzen ziren kontratuak kontatu ditugu. Kalkulu hori nola egin dugun ulertzeko, ondorengo xehetasunak ere kontuan hartu behar dira:

  • Kontratu baten eredua 24 kreditukoa izan da.
  • Sail batek eman beharreko kredituak 13 eta 24 bitartekoak baziren, kontratu osoa bezala konputatu dugu,
  • 6 eta 12 bitartekoen kasuetan, kontratu erdia bezala.
  • Seitik beherako kreditu-kopurua zegoenean, ez dugu kontuan hartu.

Bestetik, ez ditugu kontatu gure ustez euskaldundu behar ez diren zenbait irakasgai, hala nola desagertzear dauden titulazio zaharretakoak (Arkitektura, Zuzenbidea, Kimika), Gasteizko Medikuntza Irakasgunekoak eta Filologia ikasketetan ematen diren gehienak. Moldaketa hori egin ondoren, bukaeran ateratzen den kontratuen kopurua 332,5 ekoa da. Jakina, hau ez da lehentasunak, premia larriak eta epeak kontuan hartzen ez dituen "gehienezko" kalkulu gordin bat baino. Hortaz, ariketa honen esanahia oso mugatua da, batez ere lehen baztertu dugun planteamendu batetik abiatzen delako. Izan ere, Bologna ez balego bezala egiten baitira kalkuluak, laster iritsiko den titulazio-maparen aldaketa aurreikusi gabe. Halere, halabeharrez zehaztasunik gabe egindako kalkulu honek erakusten du UPV/EHUn euskarazko irakats-eskaintza zabaldu nahi baldin bada, oraindik baliabide berriak -hots: kontratuak- behar direla, 300 izan, 200 izan edo 100 izan. Hori azpimarratzea guztiz garrantzitsua iruditzen zaigu, azken bolada honetan kontrakoa dioten hotsak ere entzun izan ditugulako.

 

Kalkulu hori egin eta komentatu ondoren, erantzun beharreko hurrengo galdera da baliabideen eskasiak markatutako eguneroko errealitate honetan zenbat kontraturekin konta genezakeen. Baliabide propioei dagokienez, ez litzateke gehiegikeria izango pentsatzea erretiroei esker urtero 30 bat kontratu oso berri ateratzeko gauza izango garela. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak agindu digu 2005/06 ikasturterako euskararen normalizazioa bultzatzeko 20 kontratu finantzatuko dituela. Beraz, gure kalkulua egiterakoan, momentuz, 50 bat kontraturekin kontatzen dugu urtero. Halere, 20 kontratu horiek Jaurlaritzarekin negoziatu beharreko hurbilketa bat baino ez da eta ez dugu baztertzen Jaurlaritzaren ekarpena konprometitutako 20 kontratuetatik gora joaterik.

 

Lehen aipatutako aldagaiak zehaztu eta baloratu ondoren, eta balizko kontratu berrien kopurua kalkulatu eta gero, hurrengo hiru ikasturteetarako (2005/06; 2006/07; 2007/08) plangintza ondoren aipatuko diren urratsetan gauzatuko da:

  1. Plangintzaren lerro nagusiak jardunean dagoen Euskara Batzordean aurkeztuak izan dira (2005/04/25), baita aurkako bozkarik gabe onartu ere.
  2. Goian zehazturiko aldagaietan eta baremoetan oinarriturik, Euskara errektoreordeak balizko kontratuen banaketa simulazio bat burutuko du. Simulazio honen emaitzak orientabide oso orokorrak baino ez dira izango eta ez dute inoiz kasuan kasuko beharrizanen azterketa zehatza ordezkatuko.
  3. Ikastegietako zuzendariei plangintzaren berri emango zaie, kontratazioari dagokionez lehentasunak defini eta justifika ditzaten eskatuz.
  4. Euskara errektoreordeak eta campusetako hiru zuzendariek ebaluatuko dute ikastegietatik bidalitako informazioa.
  5. Euskara errektoreordearen onespena lortu ondoren, Irakasleen errektoreordeari adostu eta baimendutako kontratazioen argibideak emango zaizkio, Unibertsitateko Irakasleen Batzordean aurkeztu ahal izateko.
  6. Campusetako euskara batzordeetan kontratazioei buruzko argibideak emango dira, hurrengo urteetako aurreikuspenak eztabaidatuko direlarik. 

 

(*) “Txosten hau 2005eko apirilaren 25ean bildutako Euskara Batzordean aurkeztu, eztabaidatu eta onartua izan zen”.