
LAUGARREN TITULUA. HIZKUNTZA OFIZIALEN ERABILERA
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
164. artikulua.- 1. UPV/EHUk euskararen eta gaztelaniaren erabilera normal eta ofiziala bermatuko du, bere eskumenen eta eginkizunen eremuan.
2. UPV/EHUk euskararen erabilera normala bultzatuko du, eta unibertsitateko kideek hizkuntza hori ikasi eta eguneratu dezatela sustatuko, horretarako izango
dituen planen arabera.
165. artikulua.- 1. Unibertsitateko kide guztiek eskubide hauek izango dituzte:
a) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan jardutekoa.
b) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan izatekoa harremanak UPV/EHUko organoekin.
c) Eskolak hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzekoa, bai eta eskolak edozeinetan ematekoa ere.
d) Lanak, probak eta azterketak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egitekoa.
e) Ikerlanak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin, argitaratu eta defendatzekoa.
2. UPV/EHUk euskararen erabilera bermatuko du funtzionario publikoen oposizioetan eta lan-kontratuko langileak hautatzeko prozeduretan.
3. UPV/EHUko organo guztiek, beren eskumenen eremuan, eskubide horiek errespetatuko direla eta urratuko ez direla bermatuko dute.
166. artikulua.- 1. UPV/EHUko inprimaki ofizial guztiak eta errotuluak elebidunak izango dira.
2. Unibertsitatearen arautegi eta erabaki ofizialak bi hizkuntzetan emango dira argitara.
3. Dokumentuak erregistroetan inskribatzerakoan, dokumentuaren hizkuntza ofiziala erabiliko da.
4. Unibertsitatearen jakinarazpenak eta oharrak bi hizkuntzetan idatziko dira, baldin eta interesatuek hizkuntzetako bakar bat erabiltzea eskatzen ez badute beren-beregi.
167. artikulua.- Euskara apurka-apurka normalduz joan dadin irakaskuntzan, ikerketan eta administrazio zerbitzuetan, UPV/EHUren hizkuntza plangintza orokorra onartuko du Gobernu Kontseiluak, kontuan hartuta Euskara Batzordearen proposamena, eta beharrezko neurriak hartzeko agindua emango du.
168. artikulua.- 1. Errektoreak eta campusetako lantaldeek, beren eskumenen eremuan, euskaraz idatzitako materialen argitalpena bultzatuko dute.
UPV/EHUk urtero finkatuko du euskaraz idatzitako materialen argitalpena bultzatzeko programa. Aurrekontuan diru kopuru bat gordeko da, helburu hori beteko dela bermatzeko.
2. Errektoreak Euskara errektoreordea izendatuko du, euskara UPV/EHUn normalduz eta garatuz joan dadin egingo diren ekintzak sustatu eta koordinatuko dituena.
Errektoreorde hori izango da unibertsitateko Euskara Batzordeko burua.
169. artikulua.- 1. UPV/EHUk, euskararen erabilera normala bermatzeko, beharrezko langileak eta baliabide materialak izango ditu jendeari bi hizkuntza ofizialetan erantzuteko.
2. Administrazio eta zerbitzuetako langileak euskalduntzeko eta euskaraz lan egiteko prestatzeko prozesua planifikatu egingo da, Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpide eta lehentasunen arabera.
3. Gobernu Kontseiluak zehaztuko du zein lanpostutan izango den derrigorrezko hizkuntza biak jakitea.
4. Administrazio eta zerbitzuetako langile berriak kontratatzean eta atxikitzean kontuan hartuko da, lanerako prestaketaz gain, euskararen jakite maila, UPV/EHUren hizkuntza plana bete ahal izateko.
170. artikulua.- Euskal Herrian nahiz kanpoan euskararen alde diharduten erakundeekin harremanak izatea bultzatuko du UPV/EHUk, lankidetza akademiko, zientifiko eta kulturalerako.
II. KAPITULUA. EUSKARA BATZORDEA ETA
EUSKARA INSTITUTUA
171. artikulua.- 1. UPV/EHUko Euskara Batzordeko burua Euskara errektoreordea izango da. Batzordeko gainerako kideak honako hauek izango dira: irakaslanean eta ikerlanean esperientzia handia izango duten hamar irakasle, zientzia eta teknologiaren alor handietakoak; campusetako euskara batzordeetako irakasle bana; bi ikasle; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Batzordeak kasuan kasuko zerbitzuaren laguntza teknikoa izango du.
2. Gobernu Kontseiluak onartuko du UPV/EHUko Euskara Batzordeko kideak aukeratzeko arautegia.
3. Hauek dira Euskara Batzordearen eskumenak:
a) Hizkuntza plangintza proposatzea Gobernu Kontseiluari, ontzat eman dezan.
b) Campusetan eta ikastegietan euskararen erabilera normaldu eta hobetzeko neurri egokiak proposatzea.
c) Aholkua ematea UPV/EHUko gobernu organoei unibertsitateko hizkuntza plangintzari buruzko gaietan.
d) Euskararen erabilera normaltzeko planaren ebaluazioa egitea urtero, eta plana amaitzean.
e) Irakasle eta ikertzaileen plaza elebidunen egoera eta bilakaera aztertzea urtero, hizkuntza plangintzako irizpideen arabera.
f) Iritzia ematea aztertzeko aurkeztuko zaizkion gaien inguruan.
g) UPV/EHUn euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzeko arautegia proposatzea Gobernu Kontseiluari, ontzat eman dezan.
h) Estatutu hauek eta beroriek garatuko dituzten arauek eta indarrean egongo den legeriak esleitutako gainerako guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organo orokorrek eskuordetutakoak ere.
4. Gobernu Kontseiluak onartuko du batzordearen arautegia, hura entzun ondoren. Azpibatzordeak eratzeko aukera jaso ahal izango da arautegian, gai espezifikoak azter ditzaten. Azpibatzorde horiek erabakiak hartzeko ahalmena izango dute.
5. Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu Euskara Batzordeko kideak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino, behar bezala eraman ditzaten aurrera batzordeko eginkizunak.
172. artikulua.- 1. Campus guztietan eta UPV/EHUko ikastegi guztietan euskara batzorde bana
egongo da.
2. Campuseko Euskara Batzordeko burua campuseko lantaldeko kide bat izango da. Gainerako kideak, berriz, honako hauek: ikastegietako zuzendaritza taldeetako ordezkari bana, edo beraiek izendatutako pertsonak; ikasleen ordezkari bat, campuseko Ikasleen Kontseiluak izendatua; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Campuseko Batzarreko kide
izango diren administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek izendatua.
3. Ikastegietako euskara batzordeak ikastegietako arautegietan jasotako moduan eratuko dira.
4. Campusetako eta ikastegietako euskara batzordeen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, kontuan hartuta campus bakoitzeko eta ikastegi bakoitzeko egoera, eta UPV/EHUko plangintza orokorrari jarraiki.
173. artikulua.- Euskara Institutua unibertsitateko institutuetako bat da, euskararen hizkuntzalaritza aplikatuaren eta azterketaren alorrean egingo duena lan, euskararen arautzea indartzeko unibertsitatearen jakintza arloetan.
BOSGARREN TITULUA. UPV/EHUren EGITURA
I. KAPITULUA. UPV/EHUREN EGITURARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
174. artikulua.- 1. 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, UPV/EHU modu deszentralizatuan dago
antolatuta, eta eginkizunak ere banatuta dauzka.
2. Unibertsitateko egiturek -campus, ikastegi, sail edota institutuek- kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera erabiliko dituzte euren eskumenak.
3. Gobernu Kontseiluak unibertsitateko egiturak koordinatzeko arauak eman ahal izango ditu, beti ere egitura bakoitzaren berezitasuna errespetatuz.
175. artikulua.- 1. Euren eginkizunak betetzeko, unibertsitateko egiturek Estatutu hauetan eta beroriek garatzen dituzten arauetan eman zaizkien eskumenak erabiliko dituzte, bai eta UPV/EHUko beste organo orokor batzuek eurei eskuordetutakoak, beti ere unibertsitateari buruzko legeria betez eta UPV/EHUren plan estrategiko orokorraren barruan.
2. Eskumenok izan daitezke:
a) Osoak, hau da, unibertsitateko beste egitura batzuen esku-hartzerik behar ez dutenak, aurreko artikuluko hirugarren paragrafoan esandakoa eragotzi barik.
b) Arauak garatu eta betetzekoak.
c) Programa orokorrak gauzatzekoak.
176. artikulua.- 1. Eskumen osoek eta arauak garatu eta betetzeko eskumenek honakoak hartuko dituzte euren baitan: programa bereziak sortzea UPV/EHUko aurrekontuan horretarako izendatutako partiden kontura, eta programa orokorretarako helburu zehatzak edota gehigarriak zehaztea.
2. Egiturek eskumen osoak izateak ez du eragotziko gai horietan unibertsitate osorako programa orokorrak egotea, ez eta zeharkako sistemak ezartzea, egituren arteko koordinazioa eta baliabideen erabilera egokiagoa ziurtatzeko.
177. artikulua.- UPV/EHUko gobernu eta administrazio organo orokorrek emandako jarraibide orokorren edo oinarrizko arautegi orokorren barruan egiturek programa orokorrez gain beste batzuk sortzen dituztenean, egitura bakoitzak bere baliabideekin sortutako programetarako arautegiak egingo ditu eta berak gauzatuko ditu halako programak.